⚠️⚠️⚠️

⚠️⚠️⚠️

ASTENAGUSIPEDIA

ASTE-
NAGUSI-
PEDIA

ASTE NAGUSIA

Aste Nagusia Bilbon ospatzen dugun jai astea da. Gaztea izan arren, parranda guztien ama bihurtu eta nazioarteko miresmena irabazi du. Bilboko gizarte mugimenduek sortu zuten 1978an, eta hainbesteko indarrez errotu zen, Udalak, antolatzaileen herri mobilizaziorako gaitasunaren aurrean harrituta, Aste Nagusia Bilboko jai nagusi ofizial gisa onartzea besterik ez zuela izan.

KONPARTSAK

Konpartsak Bilboko hainbat gizarte erakunderen jai alderdia osatzen dituzten taldeak dira, herritik sortutakoak. Elkarte horiek Bilboko elkarte sarearen aberastasunaren, aniztasunaren eta heterogeneotasunaren isla dira. Jaien eragile nagusia dira, eta Udalarekin elkarlanean antolatzen dituzte, borondate hutsez.

MARIJAIA

Marijaia jaiaren pertsonifikazioa da. Mari Puri Herrero artistak sortu zuen 1978an Txomin Barulloko konpartsakide batzuen proposamenez, eta Aste Nagusiko irudi ikoniko nagusia da. Arriaga antzokiko balkoian agerraldia egiten duenean, festari hasiera ematen dio, eta itsasadarrean su hartzen duenean, festa amaitutzat ematen du. Aste Nagusi osoa kaleetatik dantzan igarotzen du, besoak altxatuta, harrera eta ospakizuna iragartzeko. Ez dago argi zein den bere egoera zibila, baina zenbait konpartsakide bere gonen azpitik gorrituta eta arnasestuka ateratzen ikusi dituztela zabaldu da.

TXUPINA

Txupina Aste Nagusiari hasiera ematen dion ekitaldia da: Arriaga antzokiko balkoitik pregoia irakurri, Txupinerak txupina bota, eta Marijaia jendetzaren aurrean dantzan hasten da. Ganorazko bilbotarrek beti eta nonahi zuzendu behar izaten dute txupina izendatzeko hori ez den beste izen bat erabiltzen duen edonor, eta ipurdia zapaten puntarekin berotuko diote, txupin hitzaren erabilera okerrari eusten badio. Txupinari “txupinazo” deitzen dionak, Athletici “el Bilbao” edo bakailaoari “bacalado” deitzearen antzeko zentzugabekeria egiten du. Era berean, txupineko ekitaldian egundoko olgetan Bilboko Urari kortxoa kentzea ontzat hartzen da, baina irina, arrautzak eta nazkagarrikeria sortzen duten gainerako elementuak erabiltzea eta alferrik jaurtitzea iraintzat hartuko du Bilbo benetan bihotzean daraman amaren edozein seme-alabak.

TXUPINERA

Txupinera, urtero, konpartsakide ezberdin bat da, beti emakumezkoa, txupineraren udal ogibide zaharraren omenezkoa. Udaleko langilea zen, eta, besteak beste,  bilbotarrei hainbat berritasun eta ospakizun iragartzeko, txupinen jaurtiketaz arduratzen zen. Ogibidea amatik-alabara pasatzen zen.

Bere lana jaiari hasiera ematen dion txupina jaurtitzea da, baita egunero, diana gisa,  goizeko hamarretan txupina botatzea ere. Pregoilariarekin batera, protokolo ekitaldi ugaritara joaten da. Konpartsakide batek izan dezakeen ohorerik handiena da: Bilboko txupinera izatea.

PREGOILARIA

Bilbon pertsona garrantzitsua eta bereziki maitatua da, eta Pregoilari izendatzearekin batera, egindako lan ona aitortzen zaio. Txupin egunean, bere funtzioa pregoia irakurtzea da, eta, ondoren, Txupinera laguntzea mota guztietako jai, komunikazio eta protokolo ekitalditan, pausu bakoitzean, botxoko biztanle guztien maitasuna jasoz. Bilbotar batek izan ditzakeen kargurik gorenenak Txupinerarena eta Pregoilariarena dira, maila baxuagoko beste batzuen gainetik, hala nola alkate, gotzain edo Athleticeko presidentearena.

TXOSNAK

Txosnak konpartsek muntatzen dituzten aldi baterako instalazioak dira. Bertan, mota guztietako edabe bizigarriak eta jaki gozoak eskaintzen dira, baita era guztietako ikuskizunak eta jai ekintzak ere.

Dekorazioak adierazpen askatasunerako espazio bat dira, eta horietan, unean uneko errealitateari egindako kritika soziala umorez eta garraztasunez adierazten da. Bildutako diruarekin, Aste Nagusiko ekintzen programazioa ez ezik, urte osoan, mota guztietako gizarte, kultura eta jai jarduerak ere antolatzen dira.

Txosnak muntatzen, kudeatzen eta desmuntatzen diharduten pertsonak ez dira profesionalak eta borondatezko lana egiten dute, guztiok jaia goza dezagun.Kontuan har ezazu hori jaiez gozatzera txosnetara hurbiltzen zarenean.

Bilboko Konpartsen WEBAPP gunean edo PDF formatuan ikus dezakezu Aste Nagusiaren egitaraua