BILBOKO
KONPAR-
TSEN
AGURRA
BILBOKO
KONPARTSEN
AGURRA
Ongi etorri, bilbotarrok eta bisitariok, beste urte batez, orotariko plazerak, topaketak, bizipenak eta aldarriak eskainiko dizkizuen festara, Bilboko Aste Nagusira! Ongi etorri konpartsen jai eremura, auzolanaren fantasiara, jai herrikoien paradisura! Aurten, beti bezala baina modu berezi batean, aldarrikatzaile gatoz, gure jai eredua defendatu beharrean baikaude: Bilboko jaiak munduko onenak badira, konpartsei eta txosnei esker da, baietz?
Hamar eguneko aste zoragarri honetan konpartsen gunea zapalduko dugun gehienok ez dugu beste jai eredurik ezagutu Bilbon. Herritik pentsatua, sortua, garatua, txukundua… herriarentzat. Baina festa molde sustraitua eta egonkortua izan arren, ba al dakigu nola funtzionatzen duen?
Bilbotarrok eta bisitariok, ba al dakizue jai gunean ikusten dituzuen txosna eder hauek konpartsakideek muntatzen dituztela, lan boluntarioan? Ba al dakizue txosnetan kalimotxoa zerbitzatuko dizuetenek ez dutela ogerleko bat ere jasoko? Eta ba al dakizue diru hori euskara eta euskal kultura sustatzera, feminismoa indartzera, mugimendu ekologista laguntzera, auzoetako jaiak muntatzera edo beste hamaika kolektibo elikatzera bideratuko dela? Ba al dakizue iazko Aste Nagusia amaitu zenetik bilera mordo bat egin dituztela konpartsek aurtengoa antolatzeko? Ba al dakizue txosnak jartzeaz gain, doako ia 500 jarduera antolatzen dituztela konpartsek egun hauetarako? Ba al dakizu lan hori guztia musutruk egiten dutela dozenaka pertsonak, denok gaiez goza dezagun?
Jakin ezazue, bilbotarrok eta bisitariok, hori dena gustura egiten dugula konpartsakideok, baina trabak ere ez direla gutxi; izan jazarpen ideologikoa, izan jai eredu kapitalistarako joera, izan oztopo administratiboak… Horregatik, gure jai eredua aldarrikatu behar dugu, eta babestu. Izan ere, imaginatu al ditzakegu gure Aste Nagusia konpartsarik eta txosnarik gabe? Gure ondare immateriala dira: gozatzeko, parte hartzeko, elkarrekin egoteko, herria eraikitzeko, komunitatea indartzeko, euskaraz aritzeko, eta batez ere, aske izateko modua ematen digute. Babes eta aldarrika ditzagun.